...HONA HEMEN ARGAZKI BATZUK...
Lehenbiziko irudiak galeria nagusiko lehenengo gelan daude, ataria - aztarnategia arkeologikoa dagoen lekua - iraganda. Atari horren ondotik, galeria 10 metrotan estutu egiten da, eta aipatu dugun lehenbiziko gelara iristen.Ganbara barrunbe angeluzuzena da, luzeran 4 m, zabaleran 3 m eta 3,5 m-ko altuera dituena. Leku honetan dago Santimamiñeko multzorik ikusgarri eta ugariena.
Aipatutako lehenengo gelatik aurreganbarara igotzen da, nekez (gaur egun erraz, eskailera baten bidez). Hartan badira hamabi irudi, horietako zenbait ikusteko zailak, aurkitu zirenetik jasan duten kalteagatik.
Kortezubi udalerriaren barrutian dago, itsas mailaren gainetik 130 metrotara. Toki ugaritatik ikusten ahal da. Besteak beste, Gernikatik, bereziki Batzar-etxea dagoen aldetik; izan ere, aipatutako gailur konikoa lirainki zutitzen da mendigunearen artetik, eta haitzuloaren atarian bada indigaztainondo mardul bat, indusketa lanetan lagundu zuen langile batek landatua. Indusketa lan horiek aurkikuntza izan eta handik gutxira hasi ziren, eta horien berri emanen dizuegu segidan.
Santimamiñeko haitzuloa Euskal Herrian dago, Bizkaiko Golkoko historiaurreko haitzuloen multzoan. Ekain, Altxerri eta Isturitz dira Euskal Herriko historiaurreko beste aztarnategi batzuk. Santimamiñetik hurbilen, hauek dira labar-artea duten haitzuloak: ekialdetik, Gipuzkoako Ekain eta Altxerri, 32 eta 45 km-tara hurrenez hurren. Mendebaldetik, Bizkaian bertan, Areatza eta Venta Laperrakoak, 42 eta 67 km-tara.
Gazte batzuen jakin-minak eragin zuen Santimamiñeko labar-irudiak aurkitzea. Haitzuloan sartu, eta 60 metro ibili zituztenean, alde batean zegoen goranzko galeria batetik gora egin zuten. Horrela iritsi ziren haitzuloko labar-pintura multzo nagusira. Gaur egun hara iristea erraza da, bai baita horretarako prestatutako eskailera metaliko bat, baina ez balego igoera zaila izanen litzateke.
Gazte haietako batek, irakaskuntza ertaineko institutu batean ikasle zenak, aurkikuntza jakinarazi zion ikastetxeko irakasle bati, eta gero Jesús Guridi konpositorearengana iritsi zen berria. Azken horrek Bizkaiko Diputazioari aditzera eman zion. Bizkaiko Diputazioak aurkikuntza bere gain hartu eta haitzuloa itxi zuen, labar-pinturak honda ez zitezen.
Paleolitikoko horma-artearen eremuan aurkikuntza garaia zen. XIX. mendearen azken aldean Dordoinan lehenbiziko aurkikuntzak izan eta gero, Altamiraren egiazkotasuna onartu zen, eta XX. mendearen bi lehenbiziko hamarkadetan aurki-kuntza ugari izan ziren. Haien artean Santimamiñekoa.
No hay comentarios:
Publicar un comentario