...HONA HEMEN ARGAZKI BATZUK...
Artzei, hartzen lekua, deituriko plataforman bi hartz arre irudikatu dira konkrezio bikortsu batez estaliriko sabai apal batean, begien bistatik ezkutuan.
Ekain haitzuloa,Deban dago,Gipuzkoan hain zuzen ere.
1969an egin ziren lehen aurkikuntzak. A. Albizuri eta R. Rezabalek aurkitu zuten, eta J.M. Barandiaran eta J. Altunak ikertu zuten.
150m-ko luzera du. Goi Paleolitoko garrantzi handiko pinturak eta grabatuak aurkitu ziren: zaldiak, oreinak, ahuntzak, bisonteak eta arrainak. Nahiz eta pintura eta grabatuetan kolore beltza izan nagusia, gorria ere erabili zuten; gainera, zenbait animaliatan irudi-barrena ere pintatuta dago. Atarian giza egoitza zenaren aztarnak daude, Madeleine eta Azil aldietakoak, eta barrualdea Madaleine aldiko mundu izpiritualaren lekuko ederra da (15.000 - 12.000 K.a.). Monumentu izendatuta dago.
Azpeitia hiriko Antxieta kultura taldeak funtsezko eginkizuna izan zuen haitzuloaren aurkikuntzan. Euskal Herriak jasaten zuen diktadura frankistaren zapalkuntza une bereziki gogorrean jaioa zen talde hori. Kultura jarduerak ziren, zaintze zorrotzaren mendean izanik ere, gauzatu zitezkeen jarduera bakarrak. Horietan aurkitu zuten babesa gure Herriaren zale ugarik.
Talde horrek batez ere euskal musika eta tresna herrikoiak lantzen zituen, baina bazituen beste sail batzuk ere, hala nola Arkeologiari eskainitakoa, zeinak zientzia horren zaleak biltzen zituen, bereziki Euskal Herriko historiaurreko arkeologian interesaturik zeudenak.
Andoni Albizuri zen sail horretako eragile nagusia. Horrek eta bere lagun Rafael Rezabalek beren hondar alea ekarri nahi izan zioten jakintza horren aurrerapenari. Gazte horiek ez ziren arkeologoak baina Aranzadi Zientzi Elkartera inguratu ziren, elkarte horrek sustatzen zuelako euskal historiaurreko ikerkuntza, batez ere Gipuzkoako probintzian.
Aurkikuntza gertatu eta ondoren, arazoak hasi ziren garaiko agintarien eta Jesus Altunak gidatzen zuen Aranzadi Zientzi Elkartearen Historiaurrea Sailaren artean. Turismoaren urte gorenak ziren haiek, eta gauza gehiegi sakrifikatzen zen ondasun horren truke. Kultura giltzapean sartzen zela salatzen zuten prentsatik eta haitzuloa berehala irekitzera hertsatzen zuten.
Jesus Altunak argudiatzen zuenez, haitzuloa zabaltzeak Ondasun horren galera ekarriko zuen, eta hori ezagutzea galaraziko lieke ondoko belaunaldiei.
Aztarnategiaren indusketa programatu zen, eta hartarako haitzuloa ez irekitzea eskatu zen. Urrats hori lorturik, urte hartan berean (1969) hasi ziren indusketa lanak eta 1975a arte iraun zuten.
Urte horretan gauza hauek bestela ikusten ziren: ezagunak baitziren turismoak Lascaux eta Altamiran eraginiko kalteak. Bestalde, Francoren heriotzaren ondoren, Euskal Herriko autonomia aurreko erregimenak haitzuloa itxirik mantentzea baimendu zuen.
Harrezkero, Aranzadi Zientzi Elkarteak, bere Historiaurrea Sailetik, arreta handiz zaindu du gure ondarearen ondasun bikain hau. Haitzuloa, beraz, aurkitu zen bezalaxe dago, hots, aspaldiko mende askotako egoera berean.
Une hauetan, fundazio bat, Ekain Fundazioa (Gipuzkoako Foru Aldundia, Eusko Jaurlaritza eta Zestoako Udala) Ekaingo haitzuloaren kopia egiten ari da, ondasun horrek bere funtzio sozial eta didaktikoa bete dezan, beraren kontserbazioa arriskuan jarri gabe.
No hay comentarios:
Publicar un comentario